2009/10/03

8.- Biomasa


Biomasa, ekologian, eskualde bateko edo ekosistema bateko izaki bizidun guztiek duten masa da. Izaki bizidunak esaten denean, hilda dauden aleen masa ere kontuan hartu behar da: hildako zuhaitz baten enborra ere biomasaren parte da. Biomasaren baitan mikroorganismoak, landareak zein animaliak sartzen dira.


Hiru bioenergien artean egurra da dudarik gabe garrantzitsuena. Lehen aipatu dugun legez, lehen mailako energi iturri da Hirugarren Munduko biztanleriarentzat. Egurra etxeko janariak prestatzeko eta berokuntzarako erabiltzen da batez ere eta prozesu industrialetan erabiliko denik ezin da pentsatu. Egurra garrantzizko energi iturri izatea nahi bada, baso-botatzea oso ondo kontrolatu behar da. Izan ere, botatze-abiadurak basoaren hazte-abiadura ez du gainditu behar eta gainera, hazte- abiadura handiagoa izan baledi, are egokiago izango litzateke.

Bestetik nekazal hondakin eta soberakinetatik lortutako konposatu organiko oxigenatuak (alkoholak, zetonak eta aldehidoak) dauzkagu. Alkoholek, etanolak zehazki, erregai moduan erabilpen handia dute zenbait tokitan.

Nekazal hondakin eta soberakinetatik eratorritako erregaiak erabiltzeak arriskuak ekar ditzake. Zenbait herritan, inportatutako erregai fosilekiko menpekotasun handia duten herrietan batez ere, hondakinak edo soberakinak erabili beharrean, etanola lortzeko soro bereziak paratzeko tentaldia egon liteke. Horrek bi kalte sor ditzake: elikagai gutxiago haztea eta soro berriak lortzeko basoa itxuragabe botatzea.

Biogasak etorkizun handia izan dezake nekazal inguruetan. Izan ere, nekazal hondakinak edo azienden gorotzak anaerobikoki liseritzen badira metano gasa erdiesten da. Etxeko erabilpenetarako erregai interesgarria da granja eta baserrietan hondakin soberakinekin egon daietezkeen arazoak konpontzen dituelako. Elikagaien prestakuntza eta etxeko berokuntzarako erabil daiteke batez ere, liseriketa anaerobioz lortutako metano-kantitateak oso handiak ezin dutelako izan.

Aipatutako hiru bioenergiek beharrezko teknologia oso ezaguna izatea bere alde dute. Hala ere, alkoholen kasuan izan ezik oso maila handitan erabiliko direnik ezin daiteke pentsa. Bestetik, arazo larri bat planteatzen dute. Materia organikoaren errekuntzan oinarritzen direnez, karbono(IV) oxidoa sortu eta berotegi efektua areagotzen dute. Metanoaren kasuan gainera, are gehiago larriagotzen da berotegi efektuarekiko sentikortasuna, metanoa bera berotegi-gas eraginkorra delako.

Bestetik, zenbait landareren olioak (ekilore, koko eta soiarenak besteak beste) diesel erregaien ordezkatzaile moduan erabiltzea aztertzen ari direla azpimarratu behar da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario