2009/10/02

9.- Itsasoko energia

Mareak

Mareak energi iturri moduan erabiltzea proposatzen duen sistemak, itsas gora eta itsas beheraren artean dagoen ur-mailaren diferentzia aprobetxatzen du.

Horretarako, estuario edo bokale egoki bat dike batez ixten da eta dike horretan turbinak jartzen dira. Itsas goran, dikearen atzean ura metatzen da eta gero, itsas beheran turbinetan zehar askatu egiten da.

Horrelako prozesuak bi arazo nagusi ditu. Alde batetik, estuario edo bokale bat dikez itxi behar izateak kalte paisajistiko handiak sortzen ditu, maiz paraje horiek bereziki ederrak direlako. Bestetik, mareen energia aldizkakoa da, iraunkortasunik ez du alegia, eta gainera, itsas gora eta beheraren artean ur-mailaren diferentzia handia dagoenean bakarrik da erabilgarria.

Hala eta guztiz ere, nahikoa esperientzia luzea dago alor honetan. Izan ere, Frantziako Normandian 1967az gero La Rance-ko zentral mareomotriza lanean ari da. Zentral honek 240 MW ekoizten duten 24 turbina dauzka.

Munduko beste zenbait tokitan, Kanadan eta Britainia Haundian besteak beste, proiektu esperimentalak martxan ari dira. Etorkizunean, zentral mareomotriz gehiago zabalduko direla argi eta garbi dago, baina era berean, horiek energi hornikuntza globalean izango duten eragina mugatua izango dela (zentral horiek kokatzeko toki egoki askorik ez dagoelako besteak beste) kontutan hartu behar da.


Olatuak

Olatuek uhin-higidura dutela gauza jakina da. Haizeen indarrak sortzen ditu eta olatuen partikulak ez dira luzetaraka desplazatzen; gora eta beherako higidura etengabean dabiltza ordea. Energi kantitate handia pilatzen dute olatuek eta esaterako 3 m-koek 25-40 kW/m ekoizten dituzte.

Olatuen indarra energia elektriko bihurtzearen ideia oso zaharra da eta adibidez, helburu hori lortzeko 350 patente desberdin egin dira Britainia Haundian 1890.az gero.

Patente gehienen atzean dagoen oinarria hau da: olatuak gorputz huts baten gainean presioa egiten du likido edo gas bat konprimatuz eta isurgai horrek turbina bati eragiten dio. Proposatutako sistema gehienak ez dira piszina-saioen fasetik pasa. Hala ere, salbuespenak egon dira.

Azken aldi honetan bestelako egiturak probatzen ari dira olatuen energiaz baliatzeko.


Ozeanoen energia termikoa
Sistema hau ozeanoetako gainazal eta sakoneko uren artean dagoen tenperatur diferentziaz baliatzen da. Energi zentrala ozeanoan flotatzen ari da eta funtsean bero trukagailu erraldoia da. Bertan, irakite-puntu baxuko likido bat, amoniakoa esaterako, itsas gainazaleko ur beroaren eraginez lurrindu egiten da eta gero, turbina batzuetan zehar pasatzen da. Ondoren, itsas sakoneko ur hotzak likidotu egiten du, prozesuari berrekiteko gertu dagoelarik.

Ozeanoko energia termikoa erabiltzeko puntu batzuk hartu behar dira kontutan:

Prozesua termikoki errentagarria izateko, foku hotz eta beroaren artean 18 °C-ko tenperatur diferentzia behar da. Ozeano tropikal eta subtropikaletan bakarrik gertatzen da hori; ozeano-gainazal osoaren heren batean alegia.

Arazo teknologikoak direla eta ur hotza 1.000 m baino sakonagotik erauztea ez da komeni.

Bero-trukagailuaren paretetan algak, moluskuak, etab. haziko dira. Hauek ezabatu egin behar dira; konbertsioa asko txikiagotuko dute bestela.

Bestetik zentral hauek kostaldetik urrun egin behar dira eta ondorioz bertan ekoizten den energia elektrikoarekin zer egin ikusi behar da. Bi aukera daude:

- Kable bidez kostara eraman lehorrean kokatutako zentrala bailitzan. Honek arazo teknologikoak ditu; kablearen diseinuaren ikuspegitik batez ere.

- Tarteko produktu bat fabrikatzeko erabil daiteke, eta itsasoko energia termikoa erabiliz produktu hori asko merka daiteke.

Bestetik, ozeano sakonetik ur-masa handiak azaleratzeak eragin ditzakeen arazo ekologikoak ere kontutan hartu beharko lirateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario